
«Eskola kirolak jarrera asko pizten ditu umeen artean»
Munitibar Lea-Artibaiko olinpiadek ikasleek elkar ezagutzeko eta kirolaren garrantziaz hausnartzeko aukera eman dute.
munitibarko eskola
Aurreko ostiralean Lea-Artibaiko kirol olinpiadak ospatu ziren. Lea-Artibai eskualdeko lehen hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasle guztiek parte hartu zuten.
Aukera ezin hobea izaten da berau inguruko ikasleek elkar ezagutzeko eta herri txikietakoak eta handiagoetakoen arteko hartu-emana areagotzeko. Nagusioi, besteak beste, momentu honetan hezkuntzako lege berriak ezarri nahi duen kirolaren murrizketaz hausnartzeko aukera ere eman digu.
Eskola kirolak trebetasun, gaitasun eta jarrera asko pizten ditu umeen artean; eta garrantzitsua da, beraz, bai irakasleek eta bai gurasoek umeak kirola egitera animatzea. Umeek ez dute ikusleen gozamenerako jolasten, ezta lehenengoak izateko ere, olgetako eta, kirolaren bidez, persona legez hezteko baino. Nagusiok ez genuke hori ahaztu behar, eta parte hartzen duten guztien lana txalotzen saiatu beharko ginateke. Umeen akatsei agirika egin gabe, gauza positiboak esaten saiatu behar gara, horrek motibatuko baititu jardun zuzenenak izatera kirolean eta bizitzan.
Kirolen inguruan asko jakin arren, umeari errespetuz eta askatasunez erabakiak hartzen utzi behar zaio, esanetik baino, eginetik gehiago eta arinago ikasten baita. Huts egiteko eta gozatzeko aukeren benetako jabeak horrela egiten dira.
Kirolean, denon lehentasunezko eginbeharra biolentziaren eta portaera desegokien kontra agertzea da, bai jokalari eta bai ikusleen artean. Kirolak umeak pertsona moduan eta taldekide moduan dituen balioez konturatzeko tresna izan behar du. Jarduera horretan umeak duen imitatzeko gaitasunak, beste askotan bezala, nagusien ereduak arin kopiatzen ditu, hor beraz, guk, irakasleok, gurasook, entrenatzaileok... ahaztu behar ez dugun oinarrizko gakoa da eredugarriak izan behar dugula esanean eta eginean.
Ikastetxean argi daukagu orain arte esan dugunak duen garrantzia zelakoa den, baina eginbehar hori gizarte osoaren erantzukizuna da. Esandakoarekin hezkuntza sisteman egin nahi den kirol denboren murrizketari ezetza emateko ere nahiko justifikazio dago.
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.