
Belaunaldi berriei ondarea erakusten
Ondarea Bengolako burdinolak eta errotak zelan funtzionatzen zuten azaldu diete Lekeitioko, Aulestiko eta Munitibarko hainbat ikasleri.
irati urberuaga
«Ea. Ba al dakizue zer egiten dugun hemen?», arkeologoak. «Bai, lana», ikaslearen erantzuna. Bada, horretan ahalegintzen direla esan zien Gerrikaitzeko Bengolan beharrean dabiltzan arkeologoetako batek Munitibar eta Aulestiko eskoletako ikasleei. Aurretik Lekeitioko Eskolakoei azaldu modura, historialariek historia idatz dezaten beharrezkoa dela azaldu zien arkeologoen beharra, eurak batzen dituzten aztarnak datu bihurtu eta liburuak idazteko.
Horretan dabiltza Bengolan. Zehazki, orain dela 700 bat urteko burdinolaren aztarnak bistaratu nahian. Gerora, haren ondoan orain dela 40 urtera arte funtzionamenduan egon den errota eraiki zutela azaldu zieten ikasleeei. Inguruko baserrietakoak Bengolara joaten ziren ogia egin ahal izateko irina lortzera. Leako presa batetik bideratutako ubide bat andaparara ailegatzen zen, eta uraren indarra aprobetxatzen zuten errota mugitzeko. Horrela txikitzen zen garia edota artoa, irina lortzeko.
Burdin mineraletik armara
Uraren indar bera aprobetxatzen zuten ehunka urte lehenago ere burdinolan. Muskizetik ekartzen zuten burdin minerala Lekeitiora intsasontziz. Gero, Lea errekan gora altxatzen zuten Bengolaraino. Eta han urtzen zuten, ikatz begetalagaz piztutako suaren berotasunean, 1.700 graduko tenperaturan. Uraren indarrak gurpil bertikal bat eta bere ardatza mugitzen zituen. Ondorioz, «mailuka handi-handi bat» gora eta behera hasten zen, eta aurretik urtutako burdina zapaltzen zuen, ezpurutasunak kentzeko. Gero, errementariaren lana zen modu bateko edo besteko piezak egitea. Inguru horretan, batez ere, armak egiten zituzten. «Amerikako konkistan eta Europako gerretan erabili zituzten armak». XIX. mendean krisia ailegatu zen, Bilbo inguruan batu zen-eta industria.
Atzoko bisitaren hasieran ikasleei azaldu moduan, arkeologoak lanean dabiltza. Eta horretan segituko dute hemendik aurrera ere. Baina ez bakarrik aztarnak topatzen. Horren berri ematen ere bai. Euren ardura handienetako bat horixe da eta. Ondareari daukan balioa ematen jakitea. «Belaunaldi berriek jakin egin behar dute ze eragin daukan lehen gertatutakoak gaur eguneko bizitzan».
DEIALDIAK
PODOLOGO ZERBITZUA
MARKINA-XEMEIN, - 2008-10-01
DEIALDIAK
Marmitako jana
BERRIATUA, Laka Erdi sagardotegian - 2008-09-29
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.