Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Munitibar
2008ko abuztuak 28, Eguena

;2008-06-20;V. Rallysprint puntuagarriak 63 pilotu eta kopilotu batuko ditu bihar . Kirola Antolatzaileek egiaztapenak egiteko, bihar, 09:00etan, udaletxean egon beharko dute parte-hartzaileek.

V. Rallysprint puntuagarriak 63 pilotu eta kopilotu batuko ditu bihar

Kirola Antolatzaileek egiaztapenak egiteko, bihar, 09:00etan, udaletxean egon beharko dute parte-hartzaileek.

asier alkorta

Munitibarko plazatik hasita, Aulesti, Ziortza-Bolibar eta Mendata zeharkatuko dute aurten Munitibarko V. Rallysprintean parte hartuko duten autoek.

Lehenengo parte-hartzailea 15:00etan hasiko da ibilbidea egiten, eta 19:30ean amaituko du. Txapelketa antolatzen duen Gernika Racing Elkarteko kideen esanetan, «zirkuituari hiru buelta emateko, gutxi gorabehera, hiru ordu eta erdi beharko dituzte».

Aurten ere, mendi arteko ibilbide luzeagaz dator Munitibarko Rallysprinta. Denetara, 143,25 kilometro egin beharko dituzte bosgarren aldiz egingo den txapelketa honetan parte hartuko duten 63 pilotuek, eta nola ez, haiek ez eze, beraiekin batera autoan joango diren kopilotuek ere.

Urterik urte Munitibarko Ra-llysprinta antolatzen duen elkarteak esanda, bihar, 09:00etan, Munitibarko udaletxean egon beharko dira lasterketan parte hartuko duten guztiak. Ordu horretan, antolakuntzak guztien datuak egoki daudela egiaztatuko du. «Eginkizun honetan ibiliko gara 12:30ak arte».

Ondoren, parte-hartzaileen datuak egiaztatu eta gero, ibilgailuen egiaztapena egingo da, eta 13:00-etan, txapelketan jokatzeko baimena daukaten autoen zerrenda argitaratuko da.

Eta behin guzti hori eginda, 15:00etan, autoen aurkezpena egingo da herriko plazan.

Sariketa 21:30ean egingo da

Lasterketa bera 16:00etan hasiko dela iragarri du antolakuntzak. «Lehiatzen hasi aurretik, azken azterketa bat egingo zaie pilotuei». Azken ikuskatze horretan, antolatzaileek pilotuek eta kopilotuek suaren aurkako arropa, eskularruak eta kaskoa soinean daroezela ikusiko dute.

21:00etarako auto guztiak helmugan egongo dira, eta orduan, emaitzak jakin eragingo dituzte. «Amaitzeko, sari banaketa egingo dugu. Guztira bost sari banatuko ditugu: Scrach mailan hiru garaikur emango ditugu, eta klasekako sailkapenean eta junior mailan, bana». Sariak 21:30ean emango dira, eta ordura arte, lasterketan parte hartu duten ibilgailu guztiak Munitibarko plazan egon beharko dute. «Helmugara heltzen direnean, autoak plazan geratu beharko dira, eta ezingo dira bertatik irten txapelketaren programa amaitu arte, bestela txapelketatik kanporatuko ditugu».

Lasterketaren prezioa

Joan den domekan, ekainaren 15ean, parte-hartzaile guztiek ibilbidea egiteko aukera eduki zuten. «Pilotuek zirkuitua ikuskatu eta gero, argitaratu genuen parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda», azaldu dute antolatzaileek.

V. Rallysprinteko parte-hartzaileek lasterketan parte hartu ahal izateko, antolakuntzak adostutako publizitatea onartuz, 120 euro ordaindu behar izan dituzte; Gernika Racing Elkarteko kideek, 70 euro; adostutako publizitatea onartu ez dutenek, 240 euro: kasu horretan, elkarteko kideei 190 euro kostatuko zaie.

Lasterketa honetan lortzen diren emaitzak beste sei txapelketatan puntuagarriak izango dira, eta ondorioz, bihar lehiatuko diren taldeak emaitza onak lortzen ahaleginduko dira. «Norgehiagoka bizia izango da biharkoa, emozioz betetakoa», gaineratu dute elkarteko kideek.

Gauzak horrela, Munitibarren dena prest dago V. Rallysprintari harrera egiteko, eta punta-puntako gidarien eskutik, emozioz betetako txapelketa jokatzeko.

############

antxustegi ourenseko rallyan egongo da

Munitibarko V. Rallysprintagaz batera, bihar Ourenseko 41. Rallya jokatuko da, eta KPR Racing taldea osatzen duten Gorka Antxustegi eta Iban Ibarluzea bikote markinarra bertan egongo da lehiatzen. Guztira, lasterketa honetan, 80 parte-hartzaile egongo dira. Espainiako estatu mailan egiten den laugarren txapelketa da Ourensekoa, eta Suzuki Swift Koparen barruan sartzen den bigarren lasterketa. Lehenengo lasterketan Gorka Antxustegi eta bere kopilotua lehen postuan geratu ziren, eta oraingoan ere ahalik eta emaitza onena lortzen ahaleginduko dira. Horretarako, finkatutako helburuak bete ahal izateko, bikote markinarrak KPR Racing-en, Aldape Garajeen Markina-Xemeingo Udalaren, Oizbarren eta Idegrafiken laguntza edukiko du.

############

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.