
San Pedro jaiak beteta datoz
Gizartea Atzo arratsaldean, Luis eta Antonio Malleari omenaldia eskaini zieten, eta beraien bustoak bistaratu zituzten elizaren atzean.
patRicia fernandez
Munitibartarrak pasa den astetik buru-belarri sartuta daude San Pedro jaietan.
Hori horrela, eskaintza zabalagaz gozatzeko aukera eduki dute: auto klasikoen erakusketatik hasita, kirola, rallysprinta, erretiratuentzako bazkaria edota musika ekitaldiak antolatu dituzte aurten.
Atzo, Play Station zaleek asetzeko denbora eduki zuten, lau orduko saioa antolatu zuten-eta frontoian, goizez eta arratsaldez.
Horren ostean, 18:00ak aldera, ohi ez bezalako falkoneria erakustaldia egon zen. Besteren artean, belatz amerikarrak eta gauontzak nagusi zein txikiak bildu zituen erakustaldira, jakinminez.
Beste era bateko giroa izan zen 18:30etatik aurrera egon zena. Luis eta Antonio Mallea abadeei egindako omenaldian beraien aldeko meza ospatu zen: Oñatiko abesbatzak kontzertua eskaini zuen, eta, amaitzeko, beraien bustoak estalgabetu egin zituzten. Halakoetan gertatzen den modura, ez zen falta izan mokadurik.
Eta eguna ondo amaitzeko, kalejira ibili zen txarangaren eskutik.
Mallea abadeak
Luis eta Antonio Mallea, osaba-ilobak biak, biak munitibarrak, abadeak izan ziren. Eta biak ere beraien bizitza osoan Hegoamerikan exiliatuta egon ziren. Abertzaleak, erbestean gauza asko eraiki zuten euskal kulturaren izenean.
Luis Mallea, esate baterako, musikaria izan zen. Argentinan, gaur egun ezagunena den Euskaldunak Abesbatza berak sortu zuen. Eta bertora etorrita, Oñatin, Lagun Onak Abesbatza.
Antonio Mallea gizon jakintsua, apala eta umila zen. Zazpi hizkuntza zekizkien, eta askotan etortzen zen Euskal Herrira EAEko lehendakariagaz berba egiteko. Dirua bildu zuen hemen, eta lortutakoagaz, Hegoamerikara bueltatu eta eskolak eta bestelako azpiegiturak sortu egin zituen.
Jai alternatiboak
Jai alternatiboak ekitaldiz beteta etorri ziren atzo. Eguerdiko trikipoteoa eta gero, paella txapelketa antolatu zuten plazan; argazki herrikoa atera zuten han, eta horren ostean, denak zeuden bazkaltzeko prest. Bazkalondoan, barre algarak zein txaloak eragin zituzten hiru bertsolari aritu ziren.
San Pedro Eguna
Gaur, San Pedro Eguna, mezaren ostean, txikiteoa egongo da trikitilariak lagun; gero, Munitibarko dantza taldeak saioa eskainiko du, eta elkarretaratzea egingo da plazan. 17:00etan, San Pedro Txapelketako finalak jokatuko dira, eta 19:30ean, Su Ta Gar eta Gozategi egongo dira kontzertuan.
IKASTAROA
Saltsa ikastaroa
ONDARROA, Egidazu Kaia 1ean - 2008-10-04
DEIALDIAK
Marmitako jana
BERRIATUA, Laka Erdi sagardotegian - 2008-09-29
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.